Saioa hasi
 
Sendotza eta katekumenotza

SENDOTZA  

Sendotzako etapak, Sendotzen deitzen duguna, hiru urte hartzen ditu, Batxilergoko 1. mailatik (16-17 urte) unibertsitateko 1 mailara arte (18-19 urte). Bi elementu nagusi agertzen dira garai honetan: proiektu pertsonala eta Sendotzaren Sakramentua. Lehenengoak beraien lehen bizi-proiektu bezala hartzen dugu, eta denbora batez horretaz pentsatzen eta hausnartzen aritzen dira, gero beraien gustura idazteko. Prest daudenean, taldearen aurrean aurkezten du bakoitzak berea, gehienetan erretiro berezi batean. Bigarren puntuari dagokionez, Sendotzaren Sakramentua, taldean sakramentuaren garrantziaz eta esanahiaz hitz egiten da, kristau bizi baten abiapuntu bezala: aukera bat egitea dela, bizimodu zehatz baten bidetik jarraitzeko aukera, alegia. Sendotzaren hirugarren urtearen bukaera aldera Sakramentua bera ospatzen da; saiatzen gara beste pauso bat izan dadin eta ez zerbaiten amaiera. Hori dela eta, bide horretan sakontzeko aukera eskaintzen zaie, nodoren datorren Katekumenaduko taldeetan.

Garai honetan taldeak garrantzi handia hartzen joaten dira, bertan konpartitzeko aukera handiak baitituzte gazteek. Otoitza zaintzen saiatzen gara, kristau –biziaren oinarrietako bat bezala Jainkoaren esperientziaren barruan. Horretarako, asteroko bilera, hasieran edo bukaeran, bere momentutxoa izaten du beti, batzuetan monitoreek prestatua eta, ahal denean, gazteek beraiek eginda.

Ikasturtean zehar bi erretiro egiten dira, gutxi gora-behera. Hauetan gai bereziak, garrantzitsuak lantzeko eta sakontzeko aukera izaten da, baita guztion arteko harremanetan sakontzekoa ere.

 

KATEKUMENOTZA

Etapa honek ere hiru urte hartzen ditu, 19-20 urteetatik 21-22 urteetara. Sendotzaren ondorengo etapa izanik, bere edukiak erabaki hori indartzeko, sendotzeko eta norberea egiteko pentsatuta daude.

Eduki horiek bitan banatzen dira, orokorrean: alde batetik Pertsonalizazioa deitzen dena, Jabier Garridok eta bere taldeak prestaturiko materialei jarraituz. Honen helburua da, Sendotzako Sakramentua hartu duen gazte bakoitzak bere-berea egin dezan aukera hori, bere barrenetik sortzen den erabakia izan dadin. Bestalde, formazioari ere begiratzen diogu, norberak bere fedearen zergatia ematen jakin dezan, zergatik sinisten duen eta zertan sinisten duen jakin dezan. Bi elementu hauek txandatzen joaten dira urteetan zehar, taldearen otoitzarekin batera, beharrezko elementu bezala hau ere Jainkoaren esperientziaren barruan.

Etapa honetan ere bi erretiro egiten saiatzen gara, probintzia mailan egiten diren topaketez gain. Erretiro hauetan berrikusketa pertsonalak egiten dira, baita urteko plangintzak ere, eta beste batzuetan sakondu nahi diren gai desberdinak lantzen dira, edota pertsonalizazioko materialaren gai interesgarriren bat.

Kateko lehen urtean, aurkezpen erretiro bat egin izan dugu, etapa honetara sartzen diren gazteekin. Erretiro honetan zer den katekumenadua, pertsonalizazioa azaltzen zaie, Sendotza egin ondoren une berri honetan behar bezala koka daitezen. Beste urteetako jendeari eskatzen diegu etor daitezela gazte hauei beraien esperientzia kontatzea. Erretiro hau bukatzean, igande horretako goizean, eukaristia berezia ospatzen da, talde honi Goizalden harrera egiteko. Komunitate txikietako batek egiten du harrera eta Kateko talde berri horren aitabitxi bihurtzen da, bere prozesuan laguntzeko eta Goizalde osoarekin lotura zehatza izateko. Horrela, Kateko talde hori Goizaldeko partaide izango da hemendik aurrera.